XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kixmiren jaiotza

Barandiaranek jasoriko ipuintxo honetan, jentilen garaitik kristautasunera arteko jauzia azaltzen zaigu.

Sinesmen honetan, hain zuzen, Olentzaroren ospakizuna koka dezakegu.

Gabon gauez agertzen zen ikazkin eta jatun hau tximinietatik sartzen zen etxeetara, Kristoren jaiotza iragartzen duen heraldo gisara.

Pertsonaia hau gogoratuz, mutil talde batek andan eramaten du panpina bat Euskal Herriko kaleetan zehar, bere abestia kantatzen eta gabonsaria eskatzen dutelarik.

Haurrentzako opariak ekartzen ditu Olentzarok, Errege Magoek egiten duten bezala -askotan biak ospatzen dira.

Etnologoen ustez, pertsonaia bera zein berak dakartzan sinboloak neguko solstizioarekin daude loturik, Donibane bezperako sua udako solstizioarekin lotuta dagoen bezalaxe: kristautasunak antzinako zeremonia magikoak eta bere sinesmenak uztartu egiten ditu.

Hori dela eta, sarri askotan ikusiko dugu Olentzaro herriko enparantzan dagoen sutean erretzen.

Martxabaleta zelaian, Aralarren, dantzatzen ari omen ziren jentilak, euren jaietako bat ospatuz.

Bat-batean, ekialdetik zetorren argizko hodei bat hurreratu zitzaien.

Miraz gelditu ziren, eta argi bitxi hura zer ote zen galdetu zioten beraiekin bizi zen jentil zahar bati, hodei eta izarrez asko omen zekienari.